top of page
Espainiako Lurreko Rally Txapelketa
Ancla 1

Jorge Del Cidek garaipena lortu du Cerverako rallyan

2016ko irailaren 5a / Eneko Artaza

Autoek gogor sufritu zituzten bero kondizioak eta ondorioz 21 taldeek bertan behera utzi behar izan zuten lasterketa

​

Jorge del Cidek (Mitsubishi Lancer Evo X) denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Cerverako rallyean. Euskalduna hasieratik nagusitu zen proba katalanean. Aurkariak ez ziren markatutako erritmoa segitzeko gauza izan mekanika hobeekin parte hartu arren. Emaitza honekin, Gasteizko gidaria Espainiako Lurreko Rally Txapelketako bigarren postura igo da, Villanuevarekiko aldea 24 puntura murriztuz. 

​

Lasterketa katalana gogorra izan zen autoen mekanikarako. Parte hartzeko onartutako 51 autoetatik, 21ek ez zuten karrera bukatu. Alex Villanuevak (Citroen DS3 R5), txapelketako burua, ezbeharra izan zuen bere autoan goizean goiz, eta aurrerago arazoak gailendu arren, ez zen erremontatzeko gauza izan. Azkenean, katalana hamalaugarren  sailkatu zen.

​

Rallyko sailkapen nagusian, del Cidekin batera, Josep Basols (Citroen DS3 R5) eta Josep Maria Membrado (Ford Fiesta R5) osatu dute podiuma. Atzetik, Marcos Gonzalez (Mitsubishi Lancer Evo IX) laugarren izan da eta William Villanuevak (Mitsubishi Lancer Evo X) itxi egin du lasterketako top bosta.

​

R2 mailan berriz ere Pardo

​

Bi gurpil eragileetako txapelketan Javier Pardo (Peugeot 208 R2) galegoak eraman zuen garaipena. Bigarren postua Aritz Iriondo (Peugeot 208 R2) euskaldunak eskuratu zuen  eta Manuel Mora (Ford Fiesta R2 1.0) asturiarrak itxi zuen podiuma. Nesken trofeoari dagokionez, Cristine Giampaoli (Peugeot 208 R2) garaitu zen, bere lehenengo estatu mailako proban seigarren helduz R2 kategoria barruan.

​

Bideoa: 2016ko Cerverako Rallya    Egilea: Jaume Soler Movies

Espainiako Lurreko Rally Txapelketa
Ancla 2

Espainiako Txapelketa irabazi dute Perfecto Calviñok I Mailan eta Juanjo Mollek Karkross mailan

2016ko irailaren 5a / Eneko Artaza

Euskal gidarien artean aipagarriena Gorka Olaizola izan da lasterketan lortutako bostgarren postuarekin

​

125 pilotuk hartu zuten parte Espainiako autokross txapelketako azken lasterketan kategoria ezberdinetan banatuta. Borroka gogorra bizi izan genuen maila guztietako karreretan, baina batez ere karkrossekoan, non Juan Jose Moll txapelketako irabazle atera zen. Perfecto Calviñok ere I Mailako txapelketa irabazi du azken lasterketa honetan.

​

Borroka gogorra espero zen karkross mailako txapelketan. Hiru gidarik sailkapen orokorreko garaile izateko aukerak zituzten, baina zapatuan Marc Battle (Casmat) jokoz kanpo geratu zen bere autoaren motorra hautsita. Honen ondorioz, borroka Moll (Speedcar Xtrem) eta Anton Muiñosen (Semog Bravo) artean geratu zen, baina igandeko sailkapen mangan, lehenengoa zihoala, Muiñosen autoaren trapezioa apurtu eta aukerarik gabe geratu zen galiziar gaztea. Hala ere, B finaletik A finalera pasatzea lortu zuen, eta azkeneko ilaratik aterata, laugarren postura igo zen. Mollek lasterketa irabazi eta Espainiako txapeldun atera zen. Lasterketako podiuma Jordi Puigvertek (Speedcar Xtrem) eta David Casadevallek (Speedcar Xtrem) osatu zuten, Speedcar markak hirukotea lortuz.

​

Beste bi kategorietan ere, txapelketa jokoan heldu zen Antonio Vadillo zirkuitura. I Mailan Perfecto Calviñok (YaCar) lasterketa irabazi zuen eta txapelketa Galiziara eraman zuen. II Mailan aldiz, Gabriel Serrano txapelketako garaile atera zen lortutako seigarren postuarekin, baina lasterketa Cristian Escribanok irabazi zuen, Eros Ceballosekin izandako borroka ikusgarri baten ostean. Off Road Series mailan David Varela garaitu zen, Karkross junior mailan Kevin Garcia eta III Mailan Carlos Hernandok irabazi zuen, txapelketako bigarren postua ziurtatuz.

​

Olaizola eta Usategi zuzenean A finalera

​

Euskal gidariek sorte ezberdina eduki zuten txapelketako azken proba honetan. Aipagarriena Gorka Olaizolaren (DemonCar)bostgarren postua izan zen. Zarauztarra zuzenean sartu zen A Finalean, eta bigarren ilaratik aterata denboraldiko emaitzarik onena lortu zuen Mirandakoan. Aritz Usategi (YaCar) ere zuzeneko txartela lortu zuen A Finalerako, baina erdi tronpo batek karrerako atzeko partean utzi zuen Laudioko gidaria eta azkenean hamabigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

​

Honetaz aparte, Joseba Olea (Silver Car) hogeigarren postuan geratu zen eta Iker Lujanbiok (Silver Car) motorra hautsi zuen larunbatean, C Finalean sartzeko aukerarik gabe geratuz. III Mailari dagokionez, David Pascualek asteburu ona jorratu zuen, entrenamenduetan zein klasifikazio lasterketetan aurreko postuetan ibili baitzen. Hala ere, finaleko lehenengo kurban izandako kolpe baten ondorioz, munaren aurka geratu zen. Azkenean, Sopeloztarrak lasterketa bertan utzi zuen.

​

Bideo galeria: 2016ko Mirandako Autokrossa  Egilea: auriracing

​

© 2023 by Name of Site. Proudly created with Wix.com

bottom of page