Enrique Barrenetxeak eta Aratz Onaindiak irabazi dute 2016ko Azkoitiako rallysprinta
2016ko irailaren 5a / Eneko Artaza Gurrutxaga
Txapelketa Aramaioko lasterketan erabakiko da, Castro eta Barrenetxearen arteko aldea zazpi puntukoa izanik
Enrique Barrenetxeak eta Aratz Onaindiak garaipena lortu dute 2016ko Azkoitiako rallysprintean. Durangalde Racing taldeko bikoteak aise kontrolatu du txapelketako azken aurreko proba, uda honetan lortu duten hirugarren garaipena izanik. Aingeru Castro sailkapen orokorreko buruak bigarren postua eskuratu du eta Iban Tarsicio hirugarren izan da.
Lasterketa, Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen GI-3321 errepidean ospatu zen. Pilotuek hiru aldiz korritu zuten 8,650 kilometroko bidea, guztira 25,95 osatuz. Lehen tarte kronometratua arratsaldeko 14:30etan hasi zen. Barrenetxea hasieratik markatu zuen karrerako erritmoa. Bere Mitsubishi Lancer Evo IXarekin lehenengo bi tarteak eskuratu zituen, Castrorekiko bederatzi segundoko aldea ezarriz. Laudioko gidariak tarteko scratcha markatu zuen azken pasaldian, baina Barrenetxea segundo batera heldu zen, karrera irabaziz.
Podiuma Tarsiciok itxi egin zuen. Durangarrak ez zen buruko bikotearen erritmoa segitzeko gauza izan eta hirugarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. Atzetik, Mattin Villares eta Mario Perez sailkatu ziren, biak Renault Clio Sport autoekin. Eneko Gorienak, aurreko postuetatik ibiltzeko faboritoetako bat, lasterketa bertan behera utzi zuen bere autoa gelditu ostean bigarren tarte kronometratuan.
Txapelketa Aramaion erabakiko da
Emaitza honen ostean txapelketa estutu da. Barrenetxeak bost puntu moztu dizkio Castrori, orain bien arteko aldea zazpi puntukoa izanik. Aramaioko lasterketan, denboraldiko azkena, erabakiko da nor den aurtengo Euskadiko rallysprint txapelduna. Beste aldetik, Tarsiciok txapelketako hirugarren postua ziurtatu du, azken lasterketa honetan Peru Urkidiren aurretik geratu ondoren.
Bideoa: 2016ko Azkoitiako Rallysprinta. Egilea: Quantum Mechanics Motorsport
